ESAERA ZAHARREN XXI. TXAPELKETA (2014-III-29) ESAEREN ZERRENDA 1. ABADE ARGALAK GITXI DAZ Abade: apaiz / Gitxi: gutxi / daz: dira Historia osoan, apaizak oso ondo bizi izan dira: ondo jan dute, ondo edan dute, eta beste gauza batzuk egin dituzte ondo. Horregatik, lehen oso arraroa zen apaiz argalak ikustea, gehienak nahiko lodi egoten zirelako.
2. ADISKIDEAK, ZAINDU BEHARREKOAK Adiskideak: lagunak Lagunak ondo zaindu behar dira, lagunik gabe bakarrik geratuko garelako. Zaindu zeure lagunak, altxorra balira bezala!
3. ALFERRAK KAKA SARRI, URRUTIRA JOAN ETA NEKEZ ETORRI Sarri: askotan, maiz / Nekez: kostata, zailtasunez Jende alferrari ez zaio gustatzen lan egitea; hori dela eta, ahalik eta lan gutxien egiten saiatuko dira. Komunera maiz joatea (kaka egitera), adibidez, oso modu ona da lanetik alde egiteko. Kasu horretan, pertsona alferra oso urrunera joango da komunera (gehiago tardatzeko), eta kostako zaio bueltatzea (edozein aitzakiarekin). Bitartean, ez du esfortzurik egingo. Taktika hori hartzen baduzue, disimula ezazue apur bat.
4. ARDOAREN MOZKORRA BAINO, URARENA TXARRAGO Ardoaz edo alkoholaz mozkortzea txarra da: ezaguera galarazten digu, tontakeriak esanarazi, tontoarena egin, borrokak sortu, buruko mina, neuronak galdu, gibela gaixotu... Uraren mozkorra, halere, askoz txarragoa da: ito egiten gaituelako.
5. ARLOTEARI EMAIOK/N ARRAUTZA, ESKATUKO DIK/N ZOTZA arlote: eskale, behartsu / emaiok/n: (hika) emaiozu, eman iezaiozu / dik/n: du (hika, alokutiboa) / zotz: “palillo” Jende askok ez du neurririk: zerbait eskaini arren, beti askoz gehiago eskatzen dizute eta. (Gazt: “le dí la mano y me cogió el brazo”).
6. ARRAZOI EZ DUENAK, OIHUA HANDI Askotan, eztabaidetan, zaratarekin konpentsatu ohi da argudio falta, oihu egiteak pisu handiago emango balie bezala gure hitzei.
7. ASKOREN MINA TONTOEN ATSEGINA Tontoek zera pentsatzen dute: “Ni txarto nago, baina jende asko dago ni bezala; beraz, ez nago horren txarto”. Horrela pentsatzen dutenek euren burua engainatzen dute, ez besterik. (Gazt: “Mal de muchos, consuelo de tontos/as”).
8. ASTO BATEK BAINO BIK GEHIAGO DAKIE dakie: dakite Astoak ez ei dira oso abere argiak; hala ere, bi asto batuz gero, pentsatzeko gaitasun handiagoa dute banaka baino. Guretzat ere balio du horrek (baita zuretzat ere, noski).
9. ATE GILTZATUARI, LAPURRAK HIGUIN giltzatu: giltzaz itxi / higuin: nazka, mespretxu Logikoa denez, lapurrek ez dituzte maite ate itxiak, zailagoak direlako lapurtzeko. Lapurrek, gu guztiok bezala, nahiago dituzte kontu errazak.
10. AURREAN EZ DAGOENA MAISEATUA IZAN OHI DA maiseatu: gaizki esaka aritu, kritikatu Oso trebeak gara besteak kritikatzen, batez ere ondoan ez daudenean.
11.BAKOITZAK BERE GURUTZEA DARAMA Guztiok ditugu arazoak, nahiz eta kanpotik ez igarri. Pertsona bakoitzak soilik daki zer sufrimendu daraman barruan.
12. BEGI BERDEAK, DUKEAK ETA ERREGEAK Arraroak dira begi berdeak, eta politak; horregatik pentsatzen da edonork ezin dituela eduki horrelakoak. Soilik jende bereziak ditu begi bereziak (neuk, adibidez).
13.BELEARI ERE EDER ZAIO BERE AHOTSA Egozentrikoak gara (geu gara munduaren erdigunea), eta geure burua laudatzen dugu eten gabe, geure akatsak edo alderdi ahulak ikusteke. Barrura begira, ez gara batere kritikoak.
14.BETI BEHARREN TA KAKA MORRALEN beharren: beharrean, lanean / morralen: zorroan Bertsolariak aparte utzita, jende askok lan gogorra egiten du bizitza osoan; hala ere, gutxik lortzen dute onurarik; are gutxiago aberasterik.
15.BIHAR ERE ARGITUKO DIK/N Dik/n: du, hitanoz (dik, toka; din, noka) Arazoak handiak izan daitezke, baina beti geratzen da itxaropena: bihar ere eguzkia aterako da, eta beste egun bat izango da.
16.BILDU ETA, XINAURRIEK LEHOINA GARAIT DEZAKETE xinaurri: inurri / lehoin: lehoi / garait: garai(tu), irabaz(i) / dezakete: ahal dute Izaki ahulek, etsai indartsuak menperatzeko, batu egin behar dute: taldeka, indarra izango dute, ez banaka bezala.
17.BUZTANA LASTOZKOA DUENA SUAREN BELDUR Komeni zaigu geure ahuldadeak ezagutzea, bai eta guretzat arriskutsuak izan daitezkeen gauzetatik urrun egotea ere. Zertarako arriskatu?
18.DAKIENAK HARTZEN, DAKIKE EMATEN dakike: daki+ke (jakin ahal du) Harremanak horixe dira: hartu-emanak, eta bi atal dauzkate, hartzea eta ematea. Horrela funtzionatzen ez badute, alferrekoak dira erlazioak, oreka galdu eta abusu bihurtzen direlako.
19.DANOK LARRU GORRI JAIOTZEN Danok: denok, guztiok / larru gorri: biluzik, “en cueros” Pertsona guztiok (bai zu, bai ni, bai edonor) etortzen gara mundura biluzik; beraz, jaiotzeko momentuan behintzat, denok gara berdinak. Gogoratu egia hori eta apalagoa izango zara besteekin.
20.DEKONAK ERAKUSTEN DAU dekonak: daukanak / dau: du Logikoa da: ezin dugu erakutsi ez duguna; hortaz, erakutsi ahal izateko, eduki behar da. Harrokeriari buruz ere mintzo zaigu esaera hau? Baliteke.
21.DIRU, KAKATZAN EGONDA BE, DANAK ALTXAUKO DABE kakatza: kaka-pilo / be: ere / danak: denek / altxauko: altxatuko, jasoko / dabe: dute Denok maite dugu dirua, eta (ia) edozer egingo dugu/genuke hura lortzearren, baita kaka erdian dagoen dirua hartu ere.
22.EGARRI DAGOENARI UR LOHIRIK EZ Lohi: zikin Ez aprobetxatu besteen beharrak edo zorigaitzak zure alde. Besteak txarto badaude edo laguntza behar badute, lagun iezaiezu, eta ez egin burlarik edo txarkeriarik. Izan ona.
23.EMONAK GATXIK EZ emona: emana, emandakoa / gatx: gaitz, kalte, min Ematen dizutenak –hots, opariak- ez dauka ezer txarrik, eman egin dizutelako. (Gazt: “A caballo regalado, no le mires el diente”).
24.EROGOA DA ITO-NAHIARI HEDATZEA ESKUA erogo: erotasun, erokeria / ito-nahiari: ito nahi duenari / hedatu: eman, luzatu, eskaini Erokeria da eskua eskaintzea ito nahi duen pertsonari. Zergatik? Bada, batetik, ez duelako nahi zuk salbatzerik, eta alferrik saiatuko zara; bestetik, zu ere arriskuan jar zaitzakeelako.
25.ERORIENA IZANIK ERE, ALTXA DITEKE diteke: daiteke Arazo larriren batean erorita ere, edonor altxa daiteke. Beti dago bigarren aukeraren bat, eta ez da itxaropena galdu behar.
26.ERRETZ TXARRAZ, BAZTERRAK NARRATS erretz: erratz, ginarra, eskoba / narrats: narras, zikin, lohi Kalitate eskaseko tresnak erabiliz, normala da emaitza eskasak lortzea.
27. ESKUBIDEA AHAL LEITE BILAKA OBLIGAZIONE Leite: liteke / Bilaka(tu): bihur(tu) / Obligazione: betebehar Eskubideak onak izaten dira, baina, egoeraren arabera, gauza txar edo negatibo bihur daitezke.
28.EZ DAGO EGUZKIAK ERRETAKO OGIRIK Lan guztiek eskatzen dute esfortzua, txikia edo handia; eta inork ez dizkigu lan horiek kenduko, guk egin ezean. Beraz, ogia erretzen ez baduzu labean, ez da berez erreko.
29. EZKONGAIETAN GOXO, EZKONDU TA OTSO Ezkondu aurretik, primeran ibiltzen dira senar-emaztegaiak: dena da jai eta barre (normala da, biak saiatzen direlako euren alderik onena erakusten). Ezkondutakoan, ordea, bizikidetza hastean -lehen, ezkondu arte ez ziren batera bizitzen bikoteak- ikusten da benetan nolakoa den bakoitza, eta orduan hasten dira agertzen alde txarrak.
30. FAMA TXARRA URRUTIRA JOATEN DA Orain azkarrago, baina Internet, telefonoa edo sare sozialak asmatu aurretik ere, arin hedatzen ziren albisteak, batez ere txarrak.
31.GAITZA, ONGI HATOR, BALDIN BAKAR BAHATOR hator: zatoz (hika) Arazoak txarrak dira berez; hala ere, gaitz erdi, banan-banan badatoz!
32.GALDEA BERO, ESKERRA HOTZ galde: eske, eskaera Zerbait eskatzen dugunean, maitasun handiz aritzen gara, beharra dugulako; eskerrak emateko garaian, ostera, ez dugu gogo handirik jartzen, gure beharra aseta dagoelako. Horrelakoak gara, zer egingo diogu!
33.GAUAK EZ DU DEUS ONIK Deus: ezer Gaua beti da txarra, ez du ezer onik (horrela uste zuten antzinako euskaldunek, baita gure amonak ere). Hortaz, eguna amaitzean, denok etxera.
34.GAUZAK BEROTAN EIN EZKERO, MALO ein: egin / ezkero: -z gero Ezer egin baino lehenago, sakon hausnartu. Azkarregi jokatzen baduzu, emaitzak txarrak izan daitezke. (Gazt: “Las prisas son malas consejeras”). Badirudi 28. esaerak antzeko zerbait aholkatzen duela.
35.GERO DIONAK BEGO DIO gauzak atzeratzen badira, agian ez doguz sekula egingo
36.GLUKOSA LAR, BIHOTZA ZAHAR, EDADE TXARRAK HORIXE DAKAR edade: adin Zahartzeak ez omen dakar ezer onik: bakar-bakarrik, osasun-arazoak.
37.GURASOAK BETI(RA)KO EZ DIRA Guztiok hilko gara egunen batean, baita (zoritxarrez) geure aita-amak ere. Beraz, kontuz ibili: ezin gara beti gurasoen kontura bizi.
38.GUTI IKUSI, GUTI IKASI guti: gutxi Ikustea (lekuak, artelanak, liburuak, portaerak, ohiturak, filmak, esaera zaharren txapelketak...) da ikasteko biderik onena. Hortaz, zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta gehiago ikasiko dugu; aitzitik, zenbat eta gutxiago ikusi, hainbat eta gutxiago ikasiko dugu. Logikoa, ezta?
39.HANDIAK, TXIKIA AHANTZARAZTEN ahantzarazi: ahantzi (ahaztu) + arazi, “hacer olvidar” Kontu handiak entzutean, ahaztu egiten ditugu txikiak.
40.HIL HADI, GORATUKO HAUTE hadi: zaitez (hika) / goratu: laudatu, goretsi / haute: zaituzte (haiek zu, hika) Gu hil eta gero hasiko dira esaten besteak zein onak ginen; ordura arte, kasurik txikiena ere ez digute egingo.
41.HOBE JATEN GASTAU, BOTIKETAN BAINO gastau: gastatu / botika: sendagai, sendatzeko produktu edo sustantzia Hobe gaixotasunak prebenitzea (elikadura zainduz, adibidez), botikak erosten ibiltzea baino. Gainera, ondo jaten duena osasuntsu bizi ohi da.
42.IGAROA, IGARO Igaro: pasatu Denborak ez duenez atzera egiten, iragana iragana da, eta ez dago gertatu dena aldatzerik. (Gazt: “Lo pasado, pasado está”).
43. IGELA HASERRETURIK ERE, URMAELARI EZ ZAIO AXOLA Urmael: parke edo lorategietako ur-eremu txikia, gehienetan apaingarri gisa erabilia (gazt.: estanque; frant.: lagune) Zenbaitetan, gure haserreek ez dute inolako eraginik: alferrik dira; beraz, zertarako hartu haserretzeko lana? Gainera, batzuek botere handia duten bitartean, besteok ez daukagu garrantzirik (adibidez, hemen esaten badut Obama gezurtia dela, zuek uste duzue bera kezkatuko denik? Ene, CIAkoak hemen daude! lagundu!).
44.INFORMAZIOA BOTEREA DA Hori esaten dute (batez ere, kazetariek). Ez al da prentsa “laugarren boterea”?
45.INOREN ZER ESANGOAK LOTZEN DIZKIZU ZANGOAK zer esangoa: besteek zer esango duten / zango: hanka, berna Lotsatu, beldurtu eta kikildu egiten gara besteek zer esango duten pentsatuta. Horrek askatasuna zein autonomia kentzen dizkigu, eta izugarri baldintzatzen du gure jarduera.
46.IRAINIK EZ EMAN INORI irain: laido, mesprezu, destaina, arbuio, umiliazio. Guztiok gara berdinak, eta eskubide berberak ditugu. Hots, nehor ez da besteak baino hobea. Beraz, ez iraindu inor, inork ez duelako zure irainik merezi. Bestalde, irainek-eta arazoak besterik ez dakarte.
47.JAINKOARI OTOI EGINEZ, ETA BEHARRARI EGINEZ Otoi egin: otoitz egin, errezatu (gazt., rezar, orar; frant.: prier) / Beharrari: lanari Ondo dago mesedeak eskatzea egoera zailetan, baina norberak ere zerbait egin beharko du, ezta? Hortaz laguntza nahi baduzu, hasi zeu zeure burua laguntzen.
48.JAN AZI, TA ARRATSALDEKO LAURETAN GOSI azi: aza / gosi: gose(a) Aza jaten dugunean berehala geratzen gara aseta; hala ere, berehala sentituko dugu berriro gosea, ura delako azaren osagai nagusia.
49.JOKU, DANA TXARRA Joku: joko / Dana: dena Gaua bezala (33. esaera), joko guztiak dira txarrak. Zergatik? Gal ditzakezulako dirua, denbora, lotsa, izen ona, besteen errespetua, autoestimua, baserria, lagunak, behiak, mutil-laguna (edo neska-laguna, gustuen arabera), familia... (ordena horretan, gutxi gorabehera).
50.KAIOLA DEUS EZ XORIA GABE Deus: ezer / xori: txori Kaiola batek zertarako balio du? Bada, barruan txori bat edukitzeko. Txoririk ez badago, kaiolak ez du ezertarako balio: inportanteena edukia da, ez edukiontzia.
51. KANPOKOAK ZUHURTZAT ETA ETXEKOAK INUZENTETZAT Uste orokorra da: kanpokoa beti da hobea, etxekoa baino. Horren arabera, kanpotik ailegatzen zaizkigun aholkuak beti iruditzen zaizkigu zuhurragoak ingurukoen kontseiluen aldean.
52. KEAREN BELDURREZ, SURAT IHESI Surat: sutara / ihesi: azkar joan leku batetik, beldurrez Batzuetan, beldurraren eraginez, erabaki txarrak hartzen ditugu; hala, ketik ihes egiteagatik, sutara hurbiltzen bagara, okerrera goaz. Gaztelaniaz esaten duten moduan, “De Guatemala a Guatepeor” (badaezpada ere: “Guatepeor” ez dago mapan).
53.KONFIANTZA EZ BEHIN BAIZIK GALTZEN baizik: baino Gauza batzuk nekez lotzen dira, baina erraz galtzen (dirua, esaterako). Konfiantzarekin berdin gertatzen da: kostata eskuratu arren, behin baino ez da galtzen; eta, galduz gero, jada ez da gehiago existitzen, eta ezin da berriro desagertu.
54.LAGUNA, LAGUN ZAKIDAZ INTXAUR BERDIAK JATEN Lagun zakidaz: lagun(du) zakizkit (agintera, zu niri) / berdiak: berdeak Batuaz: Laguna, lagun iezadazu intxaur berdeak jaten (intxaur helduak jateko ez dudalako laguntzarik behar). Izan ere, lagunak oso inportanteak dira, baina momentu txarretan behar ditugu. Arazoak daudenean nabaritzen da nor diren benetako lagunak; besteek alde egingo dute berehala, zuri lagundu gabe.
55. LAPURDIN EZ DA BETI PESTA pesta: jai, festa, ospakizun Antza denez, behin pilota-partida jokatu zuten lapurtar batek eta nafar batek, eta nafarra garaile. Orduan, koplak egin zituzten lapurtarrei irri egiteko: lehengoan, zuek irabazi; gaur, gu irabazle; kito gara. Kopla haietan, bi bertsook zeuden: “Galdu duen gaixoak / buruan har beza, / ez dela egun oroz / lapurtarren besta”. Baliteke hortik etortzea esaera. Dena den, hitz-jokoa ere badago hor: Lapurdi/lapur; beraz, honela uler daiteke: lapurreta ondoko festak gutxi irauten dio lapurrari (edo harrapatzen dutelako, edo berehala gastatzen duelako lapurtu duen guztia).
56.LEHENAK BI ESKU lehena: lehenengoa, lehendabizikoa, aurrenekoa, estreinakoa, “the first” Lehiaketa batean, abantaila du zerbait egiten hasten den lehenengoak. (Gazt: “El que da primero da dos veces”).
57.LEKU GAITZIAN EGUR DAGIANAK SOINAZ EKARRI BEHAR Gaitzian: zailean / Dagianak: egiten duenak / Soinaz: gorputzarekin Ekintza orok du ondorioren bat. Zerbait zaila egiten baduzu, modu batean edo beste batean jasan beharko dituzu horrek dakarzkizunak, ondorioak. (Gazt: “a lo hecho, pecho”).
58.MAITE DAUANARI APOA IZAR dauanari: duenari Maitasunak errealitatearekiko pertzepzioa aldatzen du. Horrela, bihotzak esaten digu zer den ederra eta zer ez, begiei jaramon egin barik (horregatik, maiteminduak “izarra” deritzo apoari).
59.MANDOAK, EZ BADU POTRORIK, EZ POTRO-MINIK ERE potro: barrabil Gauza guztiek dute alde ona: kasu honetan, mandoak ez du potrorik (ezin esan hori ona den ala ez), baina potro-minik ere ez.
60.MEDIKUARI TA APAIZARI EGIA BETI Noizean behin, komeni da gezurren bat esatea; baina laguntza behar duzunean, esan beti egia. Zer irabaz dezakezu gezurrak esanez zure medikuari (gorputzari buruz) edo apaizari (arimari buruz)? Ezer ere ez! Gauza bera euskaltegiko irakaslearekin.
61.MEMORIA PLAKOA DA BATZUETAN Plakoa: flakoa, ahula Zer kasualitatea! Komeni zaigunean, dena gogoratzen dugu primeran; baina komeni ez zaigunean, bat-bateko alzheimerra izaten dugu (gero pasatzen da, lasai).
62.MIHI DUENA BETI HELTZEN DA PARISERAT Mihi: mingain / Pariserat: Parisera, Parisa Hitz eginez, galdetuz eta erantzunak ulertuz... horrela ia edozer lor daiteke: adibidez, Pariseraino iristea. Batzuek fobia diogu galdetzeari, baina hori gure arazoa da.
63.NAGUSI ASKOREN ASTOA GOSEAK HIL Nagusi: jabe Gauza baterako arduradun asko dagoenean, gerta daiteke guztiek pentsatzea besteren batek hartuko duela erantzukizuna. Baina guztiek gauza bera uste badute, inork ez du ezer egingo. Hori bai, gauza komun horretaz aprobetxatzeko, denak prest. Gaztelaniaz: “Los unos por los otros, la casa sin barrer”.
64.NAHI EZ DUENAREN AFARIA BETI PREST Askotan, maiz, usu, bizitzak ematen digu guk nahi ez duguna, edo guk nahi ez dugunean ematen digu zerbait.
65.NEHOR EZ DA OROTAKO ON Nehor: inor / Orotako: denetarako, gauza guztietarako Denok ditugu geure alde onak eta geure alde txarrak, salbuespenik gabe; hori dela eta, ezinezkoa da inor ona izatea gauza guztietarako. Ni izan ezik, jakina.
66.NOLAKO ESKUAK, HALAKO OPILAK Opil: batez ere irinez egindako janari gozoa Sukaldariak izugarrizko garrantzia du janariaren kalitatea ona edo txarra izateko; maila orokorrago batean, baldintzek erabateko eragina dute ondorioa nolakoa izango den zehazteko. Kasu honetan, gainera, tamainak badu garrantzirik: esku txikiek opil txikiak egingo dituzte; esku handiek, opil handiak.
67.NON ZALDARRA, HAN ATZAMARRA zaldar: pikorta, garau, “grano” / atzamar: hatz, eri Nahikoa da arazotxo bat izatea, edo min txiki bat, edo ahulguneren bat, mundu guztiak hortxe bertan ukitzeko. Asmo txarrez egiten dute? Baliteke.
68. NORBAITEK BEHAR GALDU, BERTZIAK IRABAZTEKO Bertziak: besteak Jokoetan, garaile eta galtzaileak egoten dira; apustuak badaude tartean, batzuek galdu egingo dute, eta besteek irabazi. Jakina, batak irabazten duena besteak galdu duen horretatik ateratzen da.
69.NORI BEREA IRUDITZEN ZAIO ONENA Nori: bakoitzari Zein da herririk politena? Nirea. Zein, alderdi politikorik zintzoena? Nirea. Zein, futbol-talderik indartsuena? Nirea. Horrelakoak gara: gurea da onena, zalantzarik gabe (soldata kenduta, hori bai).
70.OHEAN ETA MAHAIAN, LOTSA SOBRAN Sobran: sobera, alferrik Harreman sozialetan, gauza ona da lotsa apur bat erakustea; aitzitik, harreman intimoetan (ohean edo mahaian, adibidez), lotsak ez du laguntzen: traba bihurtzen da.
71. OIHAL ZURIAN ERORTZEN DA MANTXARIK HAUNDIENA Oihal: ehun, tela Askotan, zortea oso gaiztoa izaten da, eta emaitzarik txarrena ekartzen du aukera guztietatik. Horregatik, non eroriko da mantxarik handiena? Leku txarrenean: hots, oihal zurian (hor gehiago nabaritzen delako, eta zailagoa delako garbitzea).
72.OLGETAN HASI ETA BENETAN AMAITTU olgetan: jolasten / amaittu: amaitu, bukatu, finitu Umeei (eta bestelakooi) askotan gertatzen zaie: jolasean hasten dira elkar joka eta, azkenean, benetako borroka bilakatzen da jolasa.
73.ONAK ON DIRALA, HOBEAK HOBA Dirala: direla(rik) / Hoba: hobe Mundu honetan, den-dena sar daiteke kategorietan; eta kategorien barruan, txarrak, erdipurdikoak, onak eta oso onak daude. Argi dago errespetatu behar direla gauza onak, baina ez ahaztu: aukeratu behar duzu onen eta hobeen artean, hartu azkenak.
74.PAGATE DESKANTSU, KOBRATE ZERU Pagate: pagatzea, ordaintzea / Kobrate: kobratzea Zorrak oso txarrak dira; horregatik, ona da kitatzea, ahalik eta lasterren. Pagatzen duenak, zama kentzen du gainetik (jada ez du zorrik); kobratzen duenak, berriz, poz handia hartzen du.
75.PARIENTEAK ETA TRASTE ZAHARRAK, ZENBAT ETA URRUTIAGO HOBE Pariente: ahaide, senitarteko / Traste: tramankulu, ezertarako balio ez duen gauza Mundu honetan, gauza batzuk beharrezkoak dira (lagunak edo tresna egokiak, adibidez), laguntzen digutelako; beste batzuk, ostera, traba baino ez dute egiten (familiako batzuek edo tresna zaharrek, esaterako).
76.POETA NAIZENEZ GERO, EZ DUT ZERURIK ESPERO Historiako kultura gehienetan, poetek fama txarra izan dute, bai drogak eta horrelakoak hartzeagatik, bai egia esateagatik, bai boteretsuen kontra aritzeagatik, bai eta konbentzionalismo sozialei uko egiteagatik ere. Poetak ez dira izaten aingerutxoak, ez.
77.SAGARDORIK ONENAK, HAMARREN SAGARRAKIN sagarrakin: sagarrekin Sagardo ona egiteko, hainbat sagar-mota nahastu behar dira, neurrian. Gauza bera gertatzen da bizitzaren beste alor askotan.
78.SAN SEBASTIÁN TRAPATATAN, MUCHA BANDERA Y POCO PAN San Sebastián: Donostia, Gipuzkoako hiriburua / mucha: (gazt.) asko / y: (gazt.) eta / poco: (gazt.) gutxi / pan: (gazt.) ogi Jai batzuk oso itxurosoak dira, ederrak, zaratatsuak eta ikusgarriak; horrelakoek, hala ere, ez diete laguntzen jende pobreari: begiak bete bai, baina ez sabelak. Itxura hutsa dira, substantziarik gabe.
79.SANTO TOMASEKO FERIYAK, ETXE ASKOTAN KOMERIYAK San Tomas feriaren jatorria ez da batere alaia: baserrietako maizterrek, urtero, alogera pagatu behar zieten jabeei (XX. mendearen erdialdera arte, baserri gutxi ziren baserritarrenak); jabe asko burges hiritarrak zirenez, hara joaten ziren baserritarrak, urte amaieran, errenta ordaintzera, normalean dirutan. Hala, eta baserritarrek euren produktuak hirian salduta lortzen zituzten txanpon horiek. Une larriak izaten ziren haiek baserrietako ekonomiarentzat. Gaur egun, aldiz, badira Santo Tomaseko ferian diru gehiegi gastatzen dutenak. Horiei ere aplikatu ahal zaie esaera.
80.SEKRETUA LAGUN BATI BAKARRIK: ZEURI bide bakarra dago sekretuak gordetzeko: inori ez kontatzea.
81.SENAR JELOSKORRA, HOBE ITSU ETA GORRA Jelosiek suntsitu egiten dute elkarbizitza. Hori dela eta, hobe da senar itsua eta gorra, jeloskorra baino. Horrelako senar batek arazo gutxiago sortuko dio emazteari, eta lasaiago biziko dira biak.
82.SENDO ETA INDARTSUENA OINAZEAK MAKURTZEN DU Oinaze: min, sufrimendu Mina gu guztiok baino indartsuagoa da; berdin dio fisikoa, animokoa, psikikoa, morala edo kontzientziakoa da: handia bada, inork ezin dio aurre egin.
83.TANTAKA-TANTAKA UPELA BETE Gauzak egiteko (zailak izanik ere), denbora eta pazientzia behar dira. Hau da, apurka-apurka, edozer gauzatu daiteke.
84.TONTUA IZATEKO EZTAO ESTUDIAU BIHARRIK Eztao: ez dago / Estudiau: estudiatu, ikasi / biharrik: beharrik Pertsona tontoak horrela jaiotzen dira, ez dute entrenatu beharrik. Berez dute ezaugarri negatibo hori. Gutxienez, ez dira horretaz konturatzen (tontoak direlako), eta ez da inolako esfortzurik egin behar.
85. TXINTXARRI MIHIGABEA, SASIAN USTELDU txintxarri: zintzarri, txilin, abereak lepoa daraman kanpai modukoa Ezertarako balio ez duena bazterrean uzten dugu, bertan behera. Kasu honetan, zertarako nahi dugu mihirik gabeko txintxarria? Horrelako objektuek ez dute lekurik gure gizarte kontsumista honetan.
86.UKONDOA HUR, BAINA EZIN MUSURIK EMON Ukondo: besoaren artikulazio nagusia / Hur: hurbil / Emon: eman Gauza (edo pertsona) batzuk oso hurbil ditugu, baina ez duzu haiengana heltzerik; ematen du hortxe daudela, eskura, baina ezin ukitu. Ez zaizue inoiz gertatu?
87.UR GELDIAN EZ EZAR OINIK EZ ESKURIK. Ezar: sar(tu) Leku (edo egoera) batzuk berez dira arriskutsuak, bertan ezin delako gauza onik aurkitu. Horietara ez joan, badaezpada ere. ur geldian, adibidez, gaixotasunak egon daitezke, intsektu edo piztia gaiztoak, zikinkeriak... dena txarra.
88.URRUNDIK MENDIA XUT; HURBILAGO ETA MALDA MALTSOAGO xut: zut, zutik, zutunik / maltso: mantso, lasai Zenbaitetan, arazoek zailagoak dirudite urrunetik, baina errealitatea ez da horren gogorra bertatik bertara ikusita.
89. USTEA EZ DA JAKITEA Mila milioi iritzi daude, baina oso egia gutxi. Asko hitz egiten dugu edozertaz, baina ezer gutxi dakigu benetan. Ondo dakiguna bakarrik esango bagenu, isilik egongo ginateke sarritan. Hortaz, kontuz zer esaten dugun. Ni isilduko naiz.
90. XILO BERRIAK EZ DU ZAHARRA TAPATZEN Xilo: zulo / Tapatu: estali Akats bat egiten badugu, beste akats bat egitea ez da konponbidea, eta gauza bera gertatzen da zuloekin. Gaztelaniaz: “Un clavo (no) saca otro clavo”.
91.ZAPATAK ZAPATA JAGOTEN DU, ABARKAK ABARKA EZ jagon: zaindu Klase sozialek ez dute berdin jokatzen: aberatsek elkar lagundu ohi dute; pobreek, ostera, nork bere bidetik jotzen dute. Elkartasuna, beraz, ez du mundu guztiak era berean ulertzen.
92.ZENBAIT ALDIZ, ON DUGU DAZKIGUNEN AHANZTEA dazkigunen ahanztea: dakizkigunak ahaztea Inoiz, ona izan daiteke dakigun zerbait ahaztea, oroitzapena txarra delako, kalte egingo digulako, edo une horretan komeni ez zaigulako. Amnesia ez da beti kalterako.
93.ZEOZER DINOENEAN, BADA ZEOZER Zeozer: zer edo zer, zerbait / Dinoenean: diotenean, esaten dutenean Zurrumurrurik badago, jendeak ezer komentatzen badu, benetako zerbait egongo da hor. Gaztelaniaz: “Cuando el rio suena, agua lleva”.
94.ZER ESAN BETI DAGO, ZER JAN EZ Hitzak dohainik dira, eta sobera ditugu. Janaria, aldiz, ez da infinitoa. gainera, berbek ez dute ogirik sortzen. Beraz, hitz gutxiago eta lan gehiago!
95.ZINTZOA, BETI POZIK Zintzo: on (pertsona) Jende ona pozik bizi da, arazorik ez duelako kontzientziarekin. Horrelakoek ezer txarrik egiten ez dutenez, lasai egin dezakete lo, ezin diotelako ezer leporatu beren buruari.
96.ZOAZ ERROTARAT, IRINA LOTUKO ZAIZU Errotarat: errotara / lotu: erantsi, itsatsi Leku, ekintza, zaletasun, konpainia edo lan bakoitzak albo-ondorioak ditu (“efectos colaterales”). Horrela, errotan irina ehotzen da, eta beratara sartuz gero, oso posible da irinez zikintzea. Gaztelaniaz: “Quien con niños se acuesta, meado se levanta”.
97.ZUHURRAK ERGELEN LEPOTIK BIZI DIRA Zuhur: zentzudun (edo, beste batzuetan, zeken) / Ergel: lelo / Lepotik: -ri esker Bi motako jendea dago: zuhurrak eta ergelak. Zuhurrak azkarrak dira, eta ergelei esker bizi dira, lan gutxi eginda. Ergelek ez dute protestatzen, ergelak direlako.
98. ZURGINAREN ETXEAN ESKAILERA ZAHARRAK Zurgin: zura (egurra) lantzen duena Egoera paradoxikoak egoten dira: adibidez, zurgin baten etxean eskailerak konponduta ez egotea (zurginek eskailerak egiten dituztela kontuan hartuta). Arrazoia izan daiteke langileei ez zaiela gustatzen lana etxera eramatea lantokitik. Hala ere, kontraesana da. Gaztelaniaz: “En casa de herrero, cuchillo de palo”.
99. ZURI INORK EGITEA NAHI EZ DUZUNA EZ EGIN INORI Justiziazkoa da hori: ez egin inori zuri egitea nahi ez duzun ezer.
100. ZURRUT ETA PURRUT ERA BATERA EZIN LEIZ Zurrut: trago, edatearen onomatopeia / Purrut: puzker / Era batera: aldi berean / Leiz: litezke, daitezke Ekintza batzuk ez dira bateragarriak: esate baterako, aldi berean edatea eta puzkerra botatzea. Saiatu zarete inoiz? Horregatik, ez galdu denbora, eta egin gauza bakoitza bere garaian.