ADITZEN ASPEKTUA, TEMPUSA ETA MODUA Adizki perifrastikoetan bi zati bereiz ditzakegu: bat, aditz nagusia da, eta bestea, laguntzailea. Lehenak aspektua emango digu, eta bigarrenak, berriz, tempusa eta modua.
Aspektua
Aditz nagusiak honela adieraziko digu aspektua:
Aditz laguntzailea edin edo ezan sailekoa denean ez du aspektu-markarik eramango: etor daiteke, etor dadin, uler dezake, ekar ezazu... Aspektu burutua. Ekintza burutua dagoela adierazten du eta aditz trinko gehienetan -i edo -n amaierak, eta aditz perifrastiko gehienetan -tu/-du amaierak adieraziko liguke hori: etorri da, jan duzu, sartu da, lagundu duzu. Ez-burutua. Oraindik amaitu ez den prozesu baten ekintza adierazten du, eta aditzaren erroari ten o -tzen gehituz lortzen da: egiten zuen, askatzen du. Geroa. Geroaldia adierazteko aspektuaren bidez egiten dugu, aspektu-marka desberdinak erabiliz: -ko, -go izango da aspektu-markarik erabiliena (jango, eramango, aurkituko...), baina ekialdeko euskalkietan -en ere azalduko zaigu kontsonantez amaitzen diren aditz-erroei loturik (janen, eramanen...). Aditz trinkoak bakarrik jokatzen direnean, ez dute aspektu-markarik. Esanahiari dagokionez, aditz zehaztugabeak eta puntualak dira, hau da, une jakin batean gertatzen ari den edo beti modu berean gertatzen den jarduera bat adierazten dute, esate baterako: Zarautz Gipuzkoan dago; nik badakit hori.
Tempusa
Euskal adizkietan hiru tempus aurkitzen ditugu: oraina, iragana eta alegiazkoa.
Oraina: ekintza-unea gertatzen ari den aldia (dator, du, dateke, dezake...). Iragana: ekintza-unea baino lehenago gertatutakoari dagokion aldia (zetorren, zukeen, zatekeen, zezan...). Alegiazkoa: balizko ekintzak adierazteko erabiltzen den aldia (litzateke, lezake, baletor, nekike...). Geroaldia, euskaraz, ez da laguntzailearen bidez adierazten, aspektu-markaren bidez baizik,-ko, go edo -en aditz nagusiaren oinari erantsiz. Aditz sintetikoen bidez bai oraina (nabil) eta bai iragana (nenbilen) adieraz ditzakegu, baina geroaldiko formak adierazteko, aditz perifrastikoetara jo beharra dugu (ibiliko naiz).
Sarritan, aditzaren denbora bat dator esaldiarenarekin, baina ez beti, eta horrexegatik, era
honetako esaldiak ere aurkituko ditugu: Ni bihar ez nator klasera.
Modua
Modua solaskideak aditzaren ekintzaren aurrean hartzen duen jarrerari dagokio, eta moduaren ezaugarria aditz trinko jokatuan edo aditz laguntzailean aurkituko dugu. Horrela, ahalera, baldintza, ondorioa eta subjuntiboa bereiz ditzakegu.
Ahalera: zerbait gerta daitekeela edo egin daitekeela adierazten du, hau da, ahal bat. Laguntzaileari -ke modu-marka erantsiz osatzen da: Maria etor daiteke / etor liteke / etor zitekeen. Baldintza: bete beharreko baldintza bat adierazten du. Laguntzailearen aurrean ba- morfema eskatzen du: Dirua izango banu... / izan banu.. Ondorioa: baldintzaren emaitza adierazten du. Honek ere -ke morfema eskatzen du: Mendira joango nintzateke / joango nintzatekeen... Subjuntiboa: aditzak adierazitakoa subjektibotasun kutsu batez islatzen da: Pozik jarri dadin oparia eman diot / Pozik jarri zedin oparia eman nion.